XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMETS ......

Sarritan galdetu diot ene buruari ametsak zer diren eta hamaika erantzun aurkitu baditut ere batek berak ere ez nau asetu.

Ametsak bizi ez ditugun errealitateak izan litezke, edota denboraren argiek gure bizitzan sortzen dituzten itzalak.

Auskalo zer diren.

Halere hainbeste urtetan ametsetan egin eta gero gauza bat ziur jakin badakit: amets bat ohosten digutenean haren edertasuna areagotu egiten dela eta inposatuz gero, aldiz, amesgaizto bilakatzen dela.

Lerro hauetan mendeetan zehar gizon eta emakume askoren ametsa izan den Europari buruz hitzegitera natorkizue: Carlomagnok Pirineoak zeharkatzerakoan amestu zuen Europa, Napoleonek Austerlitzeko zelaietan amestu zuen Europa, Hitlerrek bere bunkerreko iluntasunean amestu zuen Europa eta hainbat euskaldunek gure herriaren nortasuna berrindartzeko bide bezala amestu genuen Europa.

Eta argi dago Europa guzi horiek ez direla bat, ametsak errepikatzea ezinezkoa den legez.

Orain ere ameslari berriak aurkitu ditu gure Europa ase-ezinak.

Aurpegi ilun eta traje grisez jantzirik datozkigu, atez ate beraien ametsa geurea dela aldarrikatzen, eta ez dute ezezkorik onartzen.

Nik ez dut uste gure Europak eta haien Europek elkarrekin zerikusirik dutenik.

Inposatu nahi diguten Europa kapitalen Europa da.

Merkatu nazionalen hestuasunetatik at mozkin handiagoak lortzeko merkatu zabalago baten bila dabiltzanen Europa litzateke hori.

Nik amesten dudan Europa, berriz, herri askeen Europa litzateke, langilegoak sortutako Europa, herrialdeen arteko ezberdintasun sozio-ekonomikoei aurre egiteko asmo sendoa erakutsiko lukeen Europa, eta ez naiz ifarraldeko nazio garatuek, Alemania buru dutela, hegoaldekoei gogo txarrez eskeinitako ampquot;kohesio fondoampquot; ziztrin horri buruz ari.

Jadanik Maastrichteko buru argiek ametsak ezin eros daitezkeela jakin beharko lukete.

Hala eta guzti ere, kezkagarriagoa deritzot Madrileko gobernuak arazo honetan azaldu duen defizit demokratikoa.

Maastrichteko bide neketsuari ekin aurretik ez al litzateke bidezkoena izango bidaia hori egiteko prest gauden ala ez galdetzea?

Dioten bezala, gehiengoaren babesa izanik, zeren beldur dira?

Ametsak amets, krisiak mendebalde osoan bere itzala zabaldu du eta Euskal Herriak ere haren eragina nabari dezake.

Urrutira joan gabe, hor ditugu Deba bailarako hainbat eta hainbat enpresa hersteko arriskuan eta bertako langileak langabezian.

Gure poltsikoak odolustutzen ari dira eta noraezean, etsipenaren nekeaz, hamabi izarren lurralde zoragarrira doan trenarekin egin dugu topo.

Halere bidaiarako txartela garestiegia da.

Oraingoz, siderurgia integralaz eta nekazaritzaz ordainduko diegu, untzigintza aspaldian galdu genuelako.

Horren atzetik konbergentzia planaren astindua jasan beharko dugu.

Guzia zeren truke?

Denboraren haizeak edonora eraman ditzakeen promesa batzuren truke.

Maitale aparta behar du izan Europa delako horrek bere besoetara jauzi egin eta geure buruaz ahazten garenean, ez duzue uste?

Ez al dugu gehiegizko konfidantza erakusten Europa delako horrekiko gure ekonomiaren euskarri guziak desegin eta bere eskuetan gelditzen garenean?

Agian oker nago eta Europako batasunak gu gabe ere aurrera egingo duenez, hobe dugu beraiekin abantatzea.

Beharbada komenigarriagoa zaigu aberatsen anaia txiroa izatea, merkatu ekonomia honetan umezurtz gelditzea baino.

Halaz ere, esan bezala, ukatutako ametsak ederragoak dira, inposatutakoak amesgaizto bilakatzen diren bitartean.